Lehen sektorean trazabilitatea, kalitatearen kontrola eta datuen kudeaketa gero eta garrantzitsuagoak dira, batez ere eguneroko operatibak konplexuak direnean.
Horixe zen Euskaberren abiapuntua: kalitatezko arrautzen ekoizpenean erreferente izanik, prozesu ugari eskuz kudeatzen zituzten, informazioa sakabanatuta eta jarduera osoaren gaineko kontrola zailtzen zuen egitura batekin.
Egoera horretan, digitalizazioa aukera natural gisa planteatu zen. Euskaberrek bere jarduera hobeto antolatu, optimizatu eta datuen gaineko kontrol handiagoa lortu nahi zuen, betiere bere balioei eutsiz: tokiko baserri eredua eta animalien ongizatea.
ZITU-n, erronka argia izan zen hasieratik: jarduera hori digitalizatzea, baina haien lan egiteko modura egokitutako soluzio baten bidez. Horretarako, neurrirako aplikazio bat garatu genuen, baserrietatik datozen datuak jasotzeko, trazabilitatea bermatzeko eta kalitatearen kudeaketa integrala ahalbidetzeko; hala, informazioa modu koherentean antolatu eta erabakiak hartzeko benetako tresna bihurtuz.
Baserrien kudeaketa
Euskaberren oinarria baserri sarean dago, eta bertan gertatzen den guztiak eragin zuzena du azken produktuan. Aplikazioari esker, lehen sakabanatuta edo modu ez egituratuan jasotzen zen informazioa zentralizatuta geratzen da. Eguneroko jarduerak —garbiketa lanak, instalazioen egoera edo oiloen zaintza— modu errazean erregistratzen dira, eta horrek ikusgarritasun handiagoa ematen dio kudeaketari.
Gainera, baserriekiko komunikazioa asko hobetu da. Informazioa modu azkarragoan partekatzen da, eta horrek koordinazioa errazten du; baserri bakoitza sistema handi baten parte sentituz, non datuek eta komunikazioak funtsezko papera duten.

Barne kudeaketa
Barne kudeaketan digitalizazioak benetako jauzia ekarri du. Arrautzen trazabilitatea zehaztasunez kontrolatzeko aukera ematen du sistemak, ekoizpen fase guztietan zer gertatzen den jakiteko aukera eskainiz. Horrek kontrol handiagoa ematen du, baita gardentasuna eta fidagarritasuna ere.
Bestalde, oiloen bizi kalitateari buruzko datuak jasotzeak dimentsio berri bat ematen dio kudeaketari. Informazio hori guztia bateratuta, Euskaberrek bere kalitate estandarrak mantendu eta hobetu ditzake, datu errealetan oinarritutako erabakiak hartuz. Sistema honek aukera ematen du edozein unetan produktu baten ibilbidea aztertzeko, jatorritik kontsumitzailearengana iritsi arte eta tartean ezustekorik gertatzen bada albaitariari iritsiko zaion alarmari esker azkar erantzungo da.

Albaitariarekin komunikazio zuzena
Animalien osasuna ezinbestekoa da Euskaberren ereduan, eta horregatik albaitariarekin komunikazioa funtsezko elementua da. Garatutako soluzioak kanal zuzen eta etengabe bat sortu du baserrien eta albaitariaren artean, pertsonalizatutako alarma ezberdinei esker.
• Baserrietan gertatzen diren aldaketak edo intzidentziak berehala erregistratzen dira.
• Sistemak jakinarazpenak bidaltzen ditu ohiz kanpoko zerbait detektatzen denean.
• Albaitariak informazio eguneratua jasotzen du eta erantzun azkarrak eman ditzake.
Horrela, prebentzioa indartzen da eta arazoak garaiz identifikatzeko aukera handitzen da, animalien ongizatea bermatuz.
AURRERA BEGIRA: salmenta punturainoko kudeaketa
Proiektua ez da ekoizpen eta barne kudeaketan gelditzen. Gaur egun, ZITU-n salmenta punturainoko kudeaketa ere lantzen ari gara, Euskaberren jarduera kate osoa digitalizatzeko helburuarekin. Horrek esan nahi du denda ezberdinen kudeaketa, stockaren kontrola eta eskaeren jarraipena bezalako alderdiak sisteman integratzen ari garela.
Salmenta fasearen informazioa ere zentralizatzeak aukera ematen du ikuspegi osoago bat izateko: zer ekoizten den, nola banatzen den eta nola saltzen den. Horrek eraginkortasuna handitzen du eta etorkizuneko erabaki estrategikoak hartzeko oinarri sendoa eskaintzen du.

Euskaberren prozesua digitalizatzeak lan egiteko modua aldatu du, orain eraginkorragoa eta kontrolatuagoa bihurtu da. Eskuz egiten ziren lanak digitalizatzeari esker, gaur egun erabakiak oinarri sendoago batean oinarrituz hartzen dira. Eguneroko kudeaketa arinagoa eta antolatuagoa da orain, baina batez ere, jarduera osoaren gaineko kontrola eta ikusgarritasuna nabarmen handitu dira.
Esperientzia beraien hitzetan ikusi nahi duzu? Bideo bat partekatu dugu gure Youtube-ko kanalean!
